Proiektu honek Zalduako aztarnategia eta Pirinioetako galtzada erromatarra uztartzen ditu Ibañetako pasabidean eta Urrobi ibaiaren arroan. Aztarnategia erromatarren garaiko hiri bati dagokio eta, gaur egun, Nafarroa Garaian kokatuta dago Auritz eta Aurizberri herrien artean. Hiria zeharkatzen duen galtzadak antzinako Hispania eta Galiako lurraldeak batzen zituen, Ibañetako lepoaren hegoaldeko lurretan barrena.

XX. mendearen hasieran Julio Altadill historialariak Aurizberrin erregistratutako aurkikuntza batzuk Iturissa mansioarenak izan zitezkeela (iturri literario klasikoek aipatutako kokagunea) adierazi zuen lehen aldiz. Hala ere, orain arte ezin izan da hipotesi hori guztiz berretsi, ez baita hori egiaztatu edo gezurtatuko duen frogarik aurkitu. Horregatik aztarnategiaren izena bere egungo kokapenaren toponimorena da, hau da, Zaldua.


Carousel imageCarousel imageCarousel imageCarousel imageCarousel image

Aztarnategiaren eta galtzadaren arteko lotura hasiera-hasieratik sortu zen, kokagunea galtzadaren ibilbidearen ikerketari esker topatu baitzen. Era berean, miaketa geofisikoek agerian utzi dute galtzada kokagunearen bizkarrezurra dela, hiriaren antolaketa eta garapena baldintzatzen baititu. Azkenik, bideak aztarnategia inguruko lurraldearekin lotzen du eta testuinguratu egiten du.

Horregatik guztiagatik ezin da ahaztu proiektu hau ez dela bakarrik sortzen, ez baita soilik Zaldua aztarnategiari lotutako ekimen isolatua. Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzentzen ditu ekimen horiek, proiektuari bere baliabideak, lankidetza eta esperientzia eskainiz, tokiko eta nazioarteko erakunde eta taldeekin elkarlanean arituz.

AZTARNATEGIAREN AURKEZPEN BIDEOA 2017-2019