Indusketa arkeologikoak

Zalduako aztarnategi arkeologikoan egindako lehen indusketak 2012. urteko miaketa-zuloak izan ziren. Zundaketa horiek 2011ko miliarioen aurkikuntzaren ostean egin ziren, balizko aztarnak egon zitezkeen galtzada erromatarraren ibilbidearen inguruko hainbat gunetan. Zalduan 2 metro inguruko potentzia arkeologikoa dokumentatu zen, horma, zoru eta erromatar garaiko beste hainbat materialekin batera.

Hala ere, hamarkada batzuk lehenago beste indusketa arkeologiko batzuk burutu ziren Zaldua inguruan: Ateabalsa eta Otegin, hain zuzen ere, biak Aurizberriko lurretan (Erroibarren). Bi gune horiek 1980 eta 1990-eko hamarkadetan indusi ziren Juan Mari Martinez Txoperenak paraje horietako soroen gainazalean erromatar garaiko materialak topatu eta haien berri eman ostean. Indusketa horietan bi errausketa nekropoli eta herrixka baten aztarnak dokumentatu zituzten (informazio gehiago nahi izanez gero eskuragarri daude kanpaina haiei buruzko argitalpenak: bibliografia atalean).

Baina Zalduara bueltatuta, 2012ko miaketa-zuloen emaitzak ikusi ostean teknologia berrien aldeko apustua egin eta inguruko belardia teknika geofisikoen bidez miatua izan zen (informazio gehiago nahi izanez gero sakatu: teknologia berriak). Emaitza horiei esker galtzadaren inguruan antolatutako kokagunea dokumentatu zen, gutxienez 4,5 Ha-ko hedadura duena.

2012ko miaketa zuloaren argazkia.

2013. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak Museum of London Archaeology (MOLA)-rekin hitzarmen bat sinatu zuen eta harrezkeroztik bi erakundeek elkarlanean zuzentzen dituzte indusketa kanpainak. Horri esker, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta boluntario taldeak elkarlanean aritzen dira Londresetik etorritako teknikariekin.

2015az geroztik, urtero antolatu dira bi edo hiru asteko indusketa kanpainak, nagusiki uztailean. Horrela, 2015ean beste zenbait miaketa-zulo burutu ziren aztarnategiko hainbat gunetan, geofisikako emaitzek emandako anomalien jatorria ezagutzeko helburuz (horietako zundaketa baten 3D modeloa ikusteko sakatu: 2015eko kanpaina). 2016an Otegiko zonaldean, hau da, hiriaren kanpo aldean, galtzada eta haren alboetako eraikinen bi espazio indusi ziren 5m x 30metroko eremua orotara.

2017. urtean hasi ziren hirigunearen erdiko indusketak galtzada eta haren ertzeko beste bi eraikinetan (horietako bat 2012ko miaketa-zuloari zegokiona eta urte batzuk beranduago terma edo bainuekin identifikatu dena). Galtzadaren ertz banatan bi kanalizazio egitura dokumentatu ziren, hiriaren euri urak zein ur zikinak bideratuko zituena, ziur aski (indusketa eremuaren 3D modeloa ikusteko sakatu: 2017ko kanpaina).

Ordutik terma gunetzat identifikatutako eraikineko indusketek ez dute etenik izan (galtzadaren mendebaldean kokatutakoa), 800 metro koadro inguruko hedadura duen konplexu handia baita (2018ko indusketa eremuaren 3D modeloa ikusteko sakatu: 2018ko kanpaina). Zalantzarik gabe kokaguneko eraikin garrantzitsu bati dagokio, erdigunean egoteaz gain haren eraikuntza materialak eta teknikak kalitate handikoak baitira. Horretaz gain, gela edo gune batzuetan berokuntza sistema edo hypocaustum egituraren zatiak dokumentatu izan dira. Museo birtualean ikusgai dauden pieza guztiak ere termen konplexu honetan topatu dira (material esanguratsu horiek ikusteko sakatu: museo birtuala).