Txanponak
Txanponek aztarnategi arkeologikoetan balio historiko eta arkeologiko handia dute (merkatuan duten balio ekonomikoa baino askoz ere handiagoa). Dokumentatutako geruzak datatzeko eta jatorria ezagutzeko garaian funtsezkoak izaten dira txanponak eta, hori dela eta, aztarnategiaren fase ugariak hobeto ulertzeko lagungarriak dira. Erregistro estratigrafiko egokia egin gabe ateraz gero, txanponak zein aztarnategiak esanahi osoa galtzen dute eta berreskuraezina den informazioa desagertzen da.
DENARIOA (Denarius)
Julia Domna (K.o. 160-217) enperatrizaren zilarrezko txanpona. Aurrealdean Julia Domnaren erretratua ateratzen da txanponean, K.o. 194 urtean eman zioten titulu ofiziala gogora ekartzen duen Iulia Augusta legendarekin inguratuta. Enperatriz hori ezaguna da gure artean Santiago Posteguillok idatzitako “Yo, Julia” eleberriari esker. Erromatarren garaian Mater castrorum, “Kanpamentuen ama” izenarekin ezagutzen zuten bere kanpaina militarretan senarrarekin, Septimio Severo enperadorearekin, batera joateko zuen ohitura zela eta. Txanponaren atzean, atzealdean, aldiz, Pietas Publicaren, la “Pietate Publikoa”ren, irudia ikus daiteke belo eta guzti. Aldarearen aurrean sakrifizioa egiteko unean besoak altxatuta ditu. Pietas Liviaren, Augustoren (lehen enperadorea) emaztearen, garaitik enperatriz erromatarrekin lotzen da eta familiarekiko, estatuarekiko eta jainkoekiko duten debozioa irudikatzen du. Julia Domnaren kasuan, txanponetako atzealde ezagunenetako bat izan zen K.o. 196 eta 211 urteen artean.
FOLLIS
Zilarraren ehuneko txikia (% 4 baino gutxiago) duen brontzezko txanpona. Zalduan aurkitutakoa Konstantino I.aren, Handiaren (K.o. 272-337), garaikoa da. Follisak Antzinaro Berantiarrean, 294. urtetik aurrera, hasi ziren jaulkitzen, ekonomia egonkortzeko asmoz Diokleziano enperadoreak moneta-erreforma abian jarri zuenean. Konstantino I.aren erregealdian, follis horien neurria gutxitu egin zen, eta zilarraren ekarpena ia desagertu. Aurrealdean, ohoratutako enperadorearen erretratua eskuinerantz ikus dezakegu, inguruan "CONSTANTINVS AVG" inskripzioarekin. Atzealdean, aldiz, emakumezko bat ikus daiteke beste pertsona baten gainean zutik, beheko zatian men egitearen jarrerarekin. Motibo horrek enperadoreak sarmatiarrak garaitu izana sinbolizatzen du, inguruan dagoen inskripzioak agerian uzten duen moduan: "SARMATIA DEVICTA".
3D-n dagoen txanpona aztarnategian topatutako Konstantino I.aren garaiko beste follis-a da, baina iruntzian beste ikonografia eta inskripzio bat du. Xehetasunez ikusteko sakatu irudian.