Aztarnategia 3D-n

2018-KO INDUSKETA KANPAINA: TERMAK

2017an galtzadaren mendebaldean, hirigunearen erdigunean, industen hasitako eraikinaren jarraipena da. Bertan erregistratutako material eta eraikuntza ezaugarriek termagune edo bainuetxe bati dagozkie. Konplexu handi bati dagokio eta 2012. urtean egindako miaketa zuloren ostean, 2017az geroztik urtero indusi da (3Den ikusteko klikatu azpiko irudian).

2017-KO INDUSKETA KANPAINA: GALTZADA ETA ERTZEKO BI ERAIKINAK

Hirigunearen erdian kokatutako galtzada zatia eta haren alboetako bi eraikinen espazioak indusi ziren 2017ko kanpainan. Galtzadaren alde banatan kanalak dokumentatu ziren eta ekialdeko eraikinaren hegoaldean hurrengo eraikinarekin bereizten zuen kalexka bat erregistratu zen. Mendebaldean gune termalaren edo bainuetxearen lehen gela industen hasi zen, hurrengo kanpainetan jarraipena izan duena (3Den ikusteko klikatu azpiko irudian).

2015-EKO INDUSKETA KANPAINA: METALGINTZAKO LABEA/FORJA

Kanpaina honetan geofisikaren bidez ikus zitezkeen hiriguneko hainbat hainbat egitura miaketa-zuloen bidez indusi ziren. Horietako bat izan zen metalgintzako labe edo forjari dagokion hau. Harriz osaturiko egitura zirkular bati dagokio (soilik laurden bat indusi zen) eta barnean gorritutako lurra eta zepa ugari dokumentatu ziren.