Testuingurua

Testuinguru geografikoa

Zaldua aztarnategia gaur egungo Auritz eta Aurizberri (Erroibar) herrien lurretan kokatutako dago Nafarroako Foru Erkidegoko ipar ekialdean (Iruñetik 32km-ra). Gune estrategiko batean finkatuta dago, Ibañetako (1057 metro) mendatearen hegoaldean zabaltzen den ordekan (894 metroko altueran) eta zehazki, Arranosina errekaren mendebaldeko terrazetan.

Aztarnategia egun bi udalerriren artean dago, lurrezko pista baita Aurizberri (Erroibarreko udalerriaren barnean) eta Auritzen arteko muga. Horrela bidearen mendebaldeko eremuak Otegi izena hartzen du eta bertan daude hirigunearen kanpoaldeko egiturak (nekropoliak horien artean). Zaldua, ordea, pistaren mendebaldeko lursailaren toponimoa da (Auritzeko udalerriaren barnean) eta bertan identifikatu da kokalekuaren erdigunea eta zatirik handiena.

Nafarroako altitude mapa.

Lurzorua, oro har, laua da, beheranzko inklinazio txiki batekin errekarantz, baina terraza ezberdinei dagozkien desnibel topografikoak antzeman daitezke. Nafarroako mapa geologikoaren arabera, bertako litologia legarrez, hareaz eta limoz osatuta dago nagusiki.

Gaur egun ingurua larrez, zuhaixkez eta zuhaitz isolaturen batez osatuta dago eta abeltzaintza jardueretarako baliatzen da, gehien bat.

Testuinguru historikoa

Oraindik ezin da zehatz jakin zein urtetan iritsi ziren lehen aldiz erromatar tropak Pirinioetako lurralde hauetara; baina, segur aski, K.a. I. mendearen bigarren erdian edo K. o. lehen hamarkadan izango zen, Augustoren agintaldi garaian. Oso litekeena da, gainera, Pirinioetako hegoaldeko inguruan kokaturik zegoenez (muga natural zein administratiboa zena), Zalduako aztarnategia Hispania Tarraconensiseko probintziaren eremu administratiboan barneratu izana.

Iturri historiko-literario greko-latindarretan ia ez da aipamenik gorde zonalde honi buruz, eta ezagutzen direnek ikuspegi mugatua eskaintzen dute lurraldearen antolaketari. Testuetan, baskoien lurraldetzat hartzen zen eremu hau erromatar garaian, eta idatzietan aipaturiko zenbait hiri edo kokaguneren artean Iturissa edo Eturissa deiturikoa azaltzen da.

Eskualde honi buruzko informazio idatzi garrantzitsu batzuek (Ptolomeoren Geografiak, Antoninoren itinerarioak eta Ravenako Anonimoak) Iberiar penintsulako iparraldea mendebaldetik ekialdera zeharkatzen zuen Iter XXXIV galtzadaren berri eman digute, baita ibilbidean zeuden geldialdien zerrenda bat eskaini ere. Galtzadak Erromatar inperioaren arrakastaren giltzarri izan ziren, komunikabide-sare oso azkar eta eraginkorra osatu baitzuten Inperioko lurralde osoan garraioa ahalbidetuz: lehengaiena, salgaiena, zergena eta armadarena, esaterako.

Zalduako aztarnategiaren antolakuntza ikusita (galtzada nagusitik desbideratzen den bidearen bi ertzetan garatuta), hirigunearen sorrera, segur aski, galtzada horren eraikuntzaren testuinguru historikoan kokatu behar da, hots, aro aldaketaren garaian. Ziurrenik, garraiobide-sare horren erabiltzaileei zerbitzua emango zien, eta inguruko mendietako baso eta meatze baliabideekin ere harremana izango zuen.

K.o. III. mendean, Erromatar inperioak krisi larria jasan zuen eta lurraldeetako ekonomiak eta antolakuntza administratiboak berregituraketa sakona pairatu zuten. Orain arte bildu diren datuen arabera hiriak jarraipena izan zuen K.o. IV. mende erdialdera arte, eta, une horretan, ezagutzen ez diren arrazoiak direla medio, utzi egin zuten.

Emaitza geofisikoek baieztatu dute (hirigunearen amaierari buruz) ez zela suntsiketa orokorrik gertatu, ez erreketarik ezta eraso orokorrik ere. Indusketa arkeologikoek, bestalde, Antzinate Berantiarrean datatutako eraikuntza materialen zein bestelako objektuen arpilatze sistematikoa ere atzeman dute, bertakoek materialak berrerabili zituzten seinale, bizimodu berri bati ekiteko beste nonbait.

Britania, Iberiar penintsula eta Afrika iparraldeko galtzada nagusiak eta haien geldiguneak adierazten dituen Peutingerren taula.