Teknologia berriak

Geofisika

Metodo geofisikoek lurrazpiko konposizioei buruzko irudiak lortzea ahalbidetzen dute, lurrazaletik datuak hartuz, lurra mugitzeko beharrik izan gabe. Gorputzaren barrualdeko irudiak lortzeko medikuntzan erabiltzen diren teknika multzoen parekoa da. Horrela, aztarna arkeologikoen hedadurari eta ezaugarriei buruzko informazioa azkar lor daiteke, eta emaitza eta interpretazio horiek ondorengo esku-hartzeak antolatu eta kudeatzeko erabil daitezke.

Zalduako aztarnategia aitzindaria da Nafarroan geofisika teknikak ikerketa arkeologikoaren pausu guztietan integratzen. Kokagunearen aurkikuntzaren ondoren, teknika hauen bidez ikertu izan da ahalik eta informazio gehien lortu asmoz eta hurrengo urteetako plangintza burutu asmoz. Nagusiki gauzatu miaketa magnetikoa eta georradar bidezkoa burutu dira eta, azalera txikiagoan bada ere, miaketa elektrikoak eta indukziozko miaketa elektromagnetikoak ere aplikatu dira.

Emaitzei esker, galtzadaren inguruan antolatutako hiri bat deskribatu ahal izan da, 4.5 ha inguruko nukleo nagusi batez osatua eta haren barnean hainbat eraikin mota bereizten direlarik. Informazio gehiago nahi izanez gero sakatu: bibliografian.

Zundaketa geoarkeologikoak

Analogia medikoari berriz helduz, geofisika bidez lorturiko irudian baieztatzeko aztarnategiko hainbat lekutan egiten diren biopsia txikiak dira. 6 cm inguruko diametroa eta 2 metro arteko luzera duen lur zilindro bat ateratzen da, sedimentu geruza ezberdinen ezaugarriak aztertzeko helburuarekin. Hala, potentzia arkeologikoa (hondakinak gordetzen dituen geruzaren lodiera) eta eremu bakoitzean aurki daitezkeen sedimentuak zein motatakoak diren jakin daiteke. Zundaketak gerora azter daitezkeen lur laginak ateratzeko ere erabil daitezke, aztarnategiarekin zerikusia duten beste hainbat alderdi ezagutzeko.

Zalduaren aztarnategian teknika honen hainbat kanpaina egin dira. 2014an zabalena izan zen zabalena, non 100 zundaketa baino gehiago egin ziren, emaitza geofisikoetan oinarritutako interpretazioak berretsi eta aztarnategi osoan dagoen potentzia arkeologikoa ezagutzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero sakatu: bibliografian.

Zundaketa geoarkeologikoak.

Fotogrametria eta 3D eskanerra landa lanean

Indusketa-kanpainan zehar, unitate arkeologikoak hainbat modutan dokumentatzen dira (grafikoki, argazkiekin, deskribapenak …). Fotogrametriak eta 3D eskanerrak aztarnen 3D eredu bat lortzea ahalbidetzen duten teknika multzoa da. Helburua bikoitza da: digitalki dokumentatzea, ikerketak irauten duen bitartean kontsultatu ahal izateko, eta emaitzak publiko orokorrarentzat urruneko moduan eskuragarri jartzea. Adibideak ikusteko sakatu: aztarnategia 3D-n.

Pieza arkeologikoen 3D eskanerra

Indusketa kanpainaren ostean, hautatutako piezak eskaneatu egiten dira, horien 3D dokumentazio bat lortzeko. Horri esker, pieza garrantzitsuenen bertsio digital eta oso zehatza lor daiteke, bai haiek ikertzeko, baita haien dibulgaziorako ere. Adibideak ikusteko sakatu: material arkeologikoak.

Geografia-Informazioko Sistemak (GIS)

Aztarnategiaren ikerketan sortutako dokumentazio guztia geoerreferentziatu egiten da, eta GIS (Geografia-Informazioko Sistema) proiektu batean integratzen da. Hala, informazioa gurutzatzeko eta interpretazio bateratuak egiteko erabiltzen diren iturrien datuak kontsultatzeko plataforma bat lortu da: aireko irudi historikoak, emaitza geofisikoak, indusketa-planoak, etab.