Miliarioak
Ibañetatik Longidaraino luzatzen den galtzada erromatarraren ibilbidean 6 miliario aurkitu dira 2011az geroztik. Mugarri hauetariko bana jartzen zen milia (milla passum) bakoitzero, hau da, 1.481 metroro; pasatzen ziren bidaiariei informazioa emateko funtzioa emanez. Haietan, askotariko informazio adierazi zitekeen grabatu edo margoen bidez: hurrengo mansio edo civitasera zegoen distantzia edo galtzada eraiki edo konpondu zuen enperadoarearen izena adibidez.
Erromatar galtzada honi eta miliarioei buruzko informazio gehiago jakinez gero, sakatu: bibliografia (Martinez Txoperena, J. M. eta Zubiria Mujika, R. 2013).
Azkenik, 2020an miliario anepigrafiko bat aurkitu da, kasu honetan ondoko ibar batean, Esteribar haraneko Setoain herritik gertu. Aurkikuntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.
Mugarriluzeko miliarioak (Aurizberri):
Aranzadi Zientzia Elkarteko taldekideek Asturica eta Burdigala (egungo Astorga eta Bordele) lotzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarraren ibilbidea aztertzen ari ziren Urrobi ibarra eta Ibañetako pasabidearen inguruan. Juan Mari Martinez Txoperenak hiru miliario aurkitu zituen, horietako bi epigrafikoak. Azken bi horiek funtzio propagandistikokoak ziren, garaiko enperadoreak laudatzen baitzituzten.
Osorik topatutako mugarrietako bat Constancio Cloro enperadorearen agintaldiari dagokio (K.o. 305-306). Tokiko hareharri triasikoko bloke batean landutako pieza da, arrosa kolorekoa, zakar landua, sekzio angeluzuzenekoa eta jatorrizko azala idazkia grabatzeko erreserbatuta duena. Grabatua letra kapital errustikoan egina da, gutxi zaindutako estiloan baina era argian. Formulario laburra darabil, Behe Inperio garaian ohikoa.
Bestea, berriz, Aureliano enperadorearen garaikoa da (K.o. 275) eta aurrekoaren moduan osorik topatu da. Hau ere bertako arrosa koloreko hareharri triasikoan egina dago, baina zilindro joerako sekzio pseudoeliptikoan. Grabatua zaindu gabeko letrakeran eginda dago, letra kapital errustikoarekin idatzia eta idazkian ez da etenaldirik hautematen. Letren sakontasun eskasak, urrutitik irakurtzeko pinturaz indartua egon zitekeela pentsarazi dezake.
Miliarioak Aurizberri/Espinal kontzejuaren etxean daude ikusgai, jendearentzat une oro zabalik dagoen doako erakusketa iraunkor batean. Erakusketa galtzadaren bidea adierazten duen mapa batekin osatzen da, baita inguruan aurkitutako material erromatarrekin ere (erakusketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero sakatu: Mugarriluzeko miliarioak).
Zanduetako miliarioa (Artzibar):
2014. urtean miliario baten behe aldea izango zena aurkitu zen Zanduetako (Artzibar) elizaren atarian, hilerri zaharreko hormaren ondoan, hain zuzen. Soilik fustearen behealdea mantendu da eta ez zaio idazkirik identifikatu, horregatik ezin da jakin zein kronologiakoa izango zen. Krema koloreko hareharrian egindako pieza da, zilindro formako zutabea du eta ebakidura obalatua. Fustearen erdiko zatian erliebe txiki bat antzeman daiteke. Gaur egun, Artzibarreko Udaletxeko sarreran kokatuta dago, Nagore herrian.
Ibañetako miliarioak (Orreaga):
2014ko urrian, Orreaga eta Ibañeta arteko galtzadaren ibilbidea egiaztatzeko landa-lanak egiten ari zirela, eskistoz eta kuartzitaz betetako lursail batean lurrazalean 20cm azaleratzen zen kareharri bat identifikatu zen Iruñetik Frantziara doan Luzaideko NA-135 errepidearen bazterrean. Bertan hasitako ikerketari esker beste bi miliario berri aurkitu ziren in situ, hain zuzen bideko plataforma zaharrean pilatutako sedimentuen azpian.
Lehena osorik identifikatu da, hau da, fustea eta testuaren zati txiki bat gordetzen ditu. Paralelepida irregularreko forma du. Euskarriak Orreagatik kilometro bat hegoaldera dagoen kareharri eta tuparri azaleratze gunean izan dezake jatorria. Testua oso hondatuta dago, epigrafearen zatirik handiena galduta baitu hala ere, kontserbatutako zatiaren arabera letra kapital errustikoan idatzita egon zitekeela uste da. Aipagarria da eremu epigrafikoan izango zuen azpi aldeko izartxoa, seguruenik puntzoi batekin egina. Azken teknika hori Mugarriluzeko (Aurizberri) Aurelianoren miliarioan ere identifikatua izan da.
Bigarrena, ostera, Galerio enperadorearen hasierako agintaldiko (K.o. 305 urtea) miliario baten fuste zilindriko baten erdiko zatiari dagokio. Kolore arrosezko hareharri triasikozko euskarrian egina dago eta aurkitutako lekutik 7 km hegoaldera dagoen azaleratze batean du jatorria. Inskripzioaren zati bat mantendu baldin bada ere, nahikoa izan da datatu eta grabatuaren interpretazioa egin ahal izateko. Azken hau ikusgai dago Luzaideko erakusketa zentroan (informazio gehiago nahi izanez gero sakatu: 778 Luzaide/Valcarlos Erakusketa Zentroa).