Amuletoak eta zoriarekin lotutako objektuak

BRONTZEZ EGINDAKO AMULETO FALIKOA (Fascinus)

Oso ohikoak ziren erromatarren munduan amuleto mota horiek; izan ere, zorte ona erakartzeko eta begizkoa uxatzeko erabiltzen zituzten. Plinio Zaharra idazle latindarraren arabera, inbidiaren aurkako erremedioak dira. Mutilak zein gizonezko gazteak babesteko erabiltzen zituzten, baina, era berean, aparteko babes-neurriak bilatzen zituen beste kolektibo batek ere maiz erabiltzen zituen: soldaduek, esate baterako.

Amuletoaren formak (faloa gainazal errektangular txiki bati lotuta dago eta hori ez da lepoan eramateko zintzilikarioen forma tradizionala) baliteke agerian uztea zaldiak apaintzeko edo jantzi militarretan erabiltzen zutela (hori ere nahiko ohikoa zen). Zori onaren amuleto horietako asko testuinguru militarrei lotuta daude.

BRONTZEZKO LUNULA (Lunula)

Erromatarren garaian neskek eta emakumeek erabili ohi zuten ilgora itxura duen amuletoa da. Izaera apotropaikoa zuen, babesa ematekoa zein zorte ona erakartzekoa. Isidoro Sevillakoak lunulak ilargi forma duten emakumezkoen apaingarri gisa deskribatu zituen, baina urrez egindakoak zirela aipatu zuen bere idatzietan.

Brontzezko lunulak, gainera, zorte onaren amuletoak ziren eta erromatarren garaian zaldien ekipamenduko zati gisa ere erabili ohi zituzten militarren artean. Aurkikuntza arkeologiko ugariri esker, badakigu erromatarren garaian lunulak eta amuleto falikoak oso erabiliak izan zirela babesa emateko amuleto gisa testuinguru zibiletan zein militarretan K.o. II. eta III. mendeetan. Animalien azaleko uhalerietatik zintzilikatzen zituzten.

JOLASERAKO BRONTZEZKO DADOA ETA ZIRKULUA (Tesserae)

Dadoak forma kubikoa eta zenbakiak ditu alde bakoitzean; fitxa hezurrean zizelkatuta dago eta zilindrikoa da. Barnealdean uztai kontzentrikoak ditu markatuta, erdigunetik ertzeraino. Bi pieza horiek mahai-jolasetan erabili ohi zituzten; dadoak metalezko godaleta batean sartzen zituzten, eta gero jaurti, puntuazioa lortzeko. Fitxak (zirkuluak da horien izen egokia) apustuetako diruaren baliokidea ziren.

Dadoak zein jolaseko fitxak erromatar inperio osoko aztarnategi arkeologiko ugaritan azaldu izan dira eta erromatarren garaiko testuinguru historikoetan ohikoenak diren objektuetako bat dira. Zabortegietan, etxeko guneetan, hileta eremuetan, kanpamentu militarretan… topatu izan dituzte (seguru asko, erabilera oso ezaguna zelako erromatarren artean). Tabernetan, jolaserako etxeetan, burdeletan, etxeetan, termetan eta kaleetan egiten zuten horiekin jolas, baina soldaduen artean bereziki jolas ezaguna zen itxaronaldi luzeetan entretenitzeko erabiltzen baitzuten.