Kriseiluak (Lucernae)

Kriseiluak edo luzernak olio-lanparak ziren eta argiztatzeko erabiltzen zuten metxa bat (edo gehiago) izaten zuten. Gehienetan, metalezkoak edo zeramikazkoak izaten ziren eta forma eta motibo ugarirekin apaintzen zituzten: mitologikoak, eguneroko elementuak, faunistikoak, erotikoak eta abar. Jatorria historiaurrean duten arren, erromatarren inperioan orokortu eta hedatu zen haien erabilera, egunero erabiltzen zuten objektu bihurtzeraino. Horregatik, ohikoa da elementu mota horiek kronologia erromatarreko hainbat testuingurutan topatzea.

BOLUTA KRISEILUA

Pasta argi horiztarekin eta engobe marroi ilunaren hondarrekin egindako pieza ia oso bat dokumentatu da. Diskoaren erdialdean bere kontserbazio-egoera delikatua dela eta argi eta garbi identifikatu ezin izan duten motibo bat dago, baina objektu edo izaki bizidun zehaztugabe bat izan daitekeenaren gainean dagoen Kupidoren irudi gisa interpreta daiteke. Boluten luzerna mota horiek ohikoak dira Augustoren eta Tiberioren erregealdietan; hau da, aro-aldaketaren eta K.o. I. mendeko lehen herenaren artean.

KANAL KRISEILUA

Aurrekoarekin gertatzen den moduan, luzerna hau ere ia oso-osorik dago, diskoa izan ezik. Pasta horiztarekin eginda dago eta engobe marroi ilunaren hondarrak ditu. K.o. I. mendeko azken herenean kokatu behar dugu horren kronologia batez ere.

Kriseilua 3D-n ikusteko sakatu irudian.

ILARGI JAINKOSAREN IKONOGRAFIA DUEN KRISEILUA

Bost zatitan partzialki kontserbatu den kriseilua da. Hori dela eta, ezin izan dira bere tipologia eta kronologia espezifikoak baieztatu. Hala eta guztiz ere, diskoaren zati handiena ikus daiteke eta Ilargi jainkosaren bustoaren irudikapena hauteman daiteke, puntadun buruko adierazgarriarekin. Ikonografia horrek ekialdeko eragin argia du eta erromatarren inperio osoan oso zabalduta zegoen.